Foruen amaiera Hego Euskal Herrian

Foruen amaiera Hego Euskal Herrian Lehen Karlistalditik (1833-1840) Bigarren Karlistaldi osteko aldira (1876-1878) luzatu zen. Hartara, bukaera eman zitzaion Gaztelako Koroarekiko atxikimendua eta autogobernua uztartu zituen euskal lurralde horien estatusari. Ipar Euskal Herrian, foruak Frantziako Iraultzan kendu zituzten (1789-1790ean). Hamarkada luzez foruak higatzen joan ondoren, Lehen eta Bigarren Karlistaldien osteko okupazio militarretan, Espainiako gobernuek Hego Euskal Herriko lege eta erakundeak indargabetu zituzten Espainiako konstituzioen epelean (1812, 1820, 1837, 1876); horretarako, Foruak Berresteko Legea (1839), Foruak Eraldatzeko Legea (1841) eta Foruen Abolizio Legea (1876) prestatu eta ezarri zituzten.

El País Vasco-Navarro agerkaria (1870)

1778ko Merkataritza Libreko Erregelamendutik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeen ekonomiaren egoera oso zaila zen. Monarkiako gobernuak ezarritako Ebroko aduana larriek eragotzi egiten zuten Euskal Herriko produktuak monarkiako lurralde komunera ateratzea. Aldi berean, itsas trafikoa ataka batean zen. Manuel Godoy ministro ahalguztidunak protagonismo berezia hartu zuen aduanak eta foruak desegiteko monarkiaren politiketan, XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran.[1] Hego Euskal Herriko goi-burgesia, Bilbo eta Donostiakoa bereziki, Ebroko aduanak kentzearen alde agertu zen. Horrekin batera, 1812ko Espainiako Konstituzioa babestu zuten. Gobernuak, bestetik, begiz jota zituen Hego Euskal Herriko lurraldeen ogasuna eta ahalmen militarra.

Konbentzioaren Gerrak hondamendi ziklo bati eman zion hasiera, Julio Caro Barojak 1876 arte luzatu duena: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruen abolizioaren urtea. Aldi horretan, Euskal Herriko gizarte eta politika egiturak gogor kolpatuak eta eraldatuak izan ziren, gerra giro ia etengabean. Espainiarako ezarritako konstituzioek berdindu egin zituzten monarkia horretako jurisdikzio guztiak, bereziki Euskal Herriko lege, gizarte eta ekonomia errealitateen kaltetan, 1808 eta, bereziki, 1812tik aurrera. Gerra testuinguru orokorrean, baina, herri militarizatuak erreakzio bat izan zuen elite liberalen kontra.[2][oh 1] Frantses estatu eredua bultzatzeko deliberoaz, monarkiaz jabetutako elite liberalek uniformizazio programa bat aplikatu zuten 1833tik aurrera.[3]

1775etik, Hego Euskal Herriko aldundiek beren interes komunak defendatzeko Konferentzia Politikoak izeneko topaketak antolatu zituzten arren, ez zuten beti elkarrekin jokatu, eta Nafarroa Garaiak, bereziki, dinamika politiko aparte bat eraman zuen.[4] Foruen galeraren lorratzean, beste gertaera garrantzitsu batzuk gertatu ziren: Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Itunak (1878), herri protesta eta altxamenduz zipriztindutako aldiak (bereziki, Gamazada Nafarroan), eta industrializazio masiboa. Giro horretan, euskal nazionalismo politikoa sortu zen, formalki Euzko Alderdi Jeltzalea eratu zenean, Bizkaian indartsuen.

  1. «Godoy, Manuel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-26).
  2. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :28 izeneko erreferentziarako
  3. Moreno, Luis. (2010). Ethnoterritorial Concurrence and Imperfect Federalism in Spain. Madril: Instituto de Estudios Sociales Avanzados (CSIC), 5 or..[Betiko hautsitako esteka]
  4. (Gaztelaniaz) «CONFERENCIAS POLÍTICAS - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-25).


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/> tag was found


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search